Aurreko astean egindako lan bikainaren ondoren bost segundo gainditu behar zituzten gaurko estropadan oriotarrek Kontxako Bandera irabazteko, baina helburua lortu ezinda itzuli behar izan dute etxera. Hala eta guztiz ere, hirugarren postua eskuratu dute emakumeek sailkapen nagusian.
Lehenengo txandan Kaiku eta Hondarribiak lehia bizia izan dute hasiera-hasieratik, eta, baita, Zumaiak eta Hibaikak ere. Hondarribiako traineruak lan ona egin du irteeratik, eta ziabogaren ostean gainontzeko taldeei aurrea hartu eta haiekiko zuen tartea handitzea lortu du. Hori horrela, Hondarribia izan da lehenengo txandako garailea, baina horrek ez dio Kontxako Bandera eskuratzeko balio izan.
Orio, berriz, ohorezko txandan lehiatu da, Arraun Lagunak, Donostiarra eta Tolosaldearekin batera. Hasiera ona izan dute emakumeek estropadan, baina une batetik bestera Arraun Lagunak taldeak hartu du aurrea, eta Orio eta Donostiarra atzean utzi ditu.
Ziabogaren ondoren Arraun Lagunak denbora tartea handitzen joan da; azkenean lehenengo helmugaratzea lortu dute eta, beraz, bandera etxean geratu da gaurkoan. Bigarren helmugaratu dira Donostiarrak, hirugarren Orio, eta, azkenik, Tolosaldea.
Sailkapen nagusia:
- Arraun Lagunak: 21:01.14
- Donostiarra: 21:10.50
- Orio: 21:19.22
- Tolosaldea: 21:22.14
- Hondarribia: 21:54.80
- Hibaika: 21:55.88
- Zumaia: 22:07.10
- Kaiku: 22:15:16