Sara Iparragirre: "Ezustean etorri bada ere, kirolari bezala aukera aparta da Benfican jokatzea"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko ira. 7a, 12:19

Sara Iparragirre Benficaren estadioaren aurrean, taldeko beste bi saskibaloi jokalarirekin. (Sara Iparragirrek utzitakoa)

Sara Iparragirre abuztuaren 18tik dago Lisboan, Benfica taldearekin jokatzen. Saskibaloi jokalari gazteak lehen denboraldia du atzerriko talde batean, eta esperientzia berriaz aritu da.

Garai onean iritsi al zaizu Benfica taldearen proposamena?

Bai, orain arte oso eroso egon naiz Iraurgin, baina aurreko denboraldian lau taldek emaitza berarekin bukatu genuen liga eta, zoritxarrez, Iraurgik galdu zuen maila. Gaiari bueltaka hasi nintzen, eta pentsatu nuen hau zela kanpora joan eta atzerriko talde batean jokatzea zer den probatzeko urte aproposa, irakasle izateko masterra egiten ari naizen bitartean. Ez nuen arantzarekin geratu nahi; agente bat hartzera animatu nintzen, eta Benficara etortzeko aukera sortu zitzaidan.

Aste batzuk daramatzazu bertan. Zerrekin aurkitu zara bertara iritsitakoan? Zerbaitek harritu al zaitu?

Ez nuen taldea ezagutzen, ezta taldekideak ere, baina bertara iritsitakoan konturatu naiz taldeko bi kideren aurka jokatutakoa naizela. Azken batean, guztia da desberdina, baina oso gustura nago. Goi mailako neska kirolarien erresidentzi batean bizi naiz, eta guztiok jatorri desberdinetakoak garenez, gure artean ingelesez hitz egiten dugu. Kirol arloari dagokionez, Benfica oso klub garrantzitsua da Portugalen, eta nabaritu egiten da beren profesionaltasunean; baditugu prestatzailea fisikoa, fisiologoa, fisioterapeuta, nutrizionista, dentista, sendagilea.... denetarik. Entrenamenduak ere goizez eta arratsaldez izaten ditugu ia egunero; egun batzuetan hiru entrenamendu ere bai. Prestaketa mota hori niretzat berria da, era ohitzen ari naiz.

Emakumezkoen Benfica saskibaloi taldeak gainera palmares garrantzitsua dauka.

Portugalen oso talde inportantea da. Emakumezkoen saskibaloi liga gorenean jokatzen du, baita Eurocupean ere. Jarraitzaile asko ditu, eta jende pila bat etortzen da gure partidak ikustera. Horren harira, entrenatzaileak jakinarazi zigun zaleen bultzada horrek presioa ere sortzen duela, alegia, ez gatozela jokatu eta ea zer pasatzen den ikustera. Taldearen helburua da irabaztea, eta saioak egingo ditugu psikologoarekin presio hori nola kudeatu ikasteko; baita sare sozialen erabilera egokia egiteko ere. Izan ere, kirolari bezala jende askok jarraitzen gaitu, eredu izan behar dugu, eta sare sozialetan kontu handiz ibili behar dugula pentsatzen dute klubeko arduradunek.

Zure kirol ibilbidean urrats garrantzitsua eman duzula iruditzen al zaizu?

Ezustean etorri bada ere, kirolari bezala aukera aparta da Benfican jokatzea, eta taldea goi mailakoa izateak asko erraztu zidan erabakia hartzerako garaian.

Profesionaltasun handiko taldea denez, presioa duzuela aipatu duzu.  Horrek taldeko giroan eraginik ba al du?

Taldeko giroa ona da, eta kanpotik gatozenoi oso ongi hartzen gaituzte. Taldean berria naizenez, asko daukat ikasteko, jokatzeko modua barneratu eta horretara egokitu behar dudalako, baina asko laguntzen ari zaizkit.  Nik serio entrenatu izan dut beti egon naizen talde guztietan, eta hemen horretan ari naiz. Gogotsu nago.

Zuk zeuk zer helburu jarri diozu zeure buruari denboraldi honetan?

Kirolari gisa ahal dudan mailarik onena eman nahi dut, taldeari lagundu ahal izateko. Kolektibo gisa, Portugalgo txapelketetan ahal dugun guztia irabaztea da helburua, eta Eurocupean, berriz, gure bertsiorik onena ematea, txapelketan aurrera egin ahal izateko. Ez gaitzatela kanporatu kantxan gure mailarik onena eman ez dugulako.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide