Iker Eizmendi: "Gaur erakutsi dugu beste horien pare bagarela"

Jabi Gonzalez Toston - Aritz Mutiozabal 2023ko ira. 3a, 17:00

Iker Eizmendi arraunlaria. (Jabi Gonzalez Toston)

Konfiantzaz aritu direla aitortu du Orioko arraunlariak, eta Kontxako bigarren iganderako ongi kokatu direla, Ohorezko Txandan. Lehenengo sailkatuen artean segundo gutxiren aldea dago, eta bandera irabazteko borrokan egon nahi dute.

Orioko gizonezkoen traineruko Iker Eizmendi arraunlariaren iritziz, lehiak oraindik irekita jarraitzen du: "Nahi dugun tokian kokatuta gaude, eta orain edozer gerta daiteke". Lehen txandan arraun egitea tokatu zaie gaurkoan mirotzei, Eusko Label ligako oilarrekin batera, Urdaibiren faltan, eta laugarren sailkatu dira; hain zuzen ere, bermeotarrengadik bost segundo eskasera. 

"Orain arte uda osoan ez dugu erakutsi horien pare txanda berean joateko gauza garenik, baina geure buruengan konfiantza geneukan, eta bagenekien gauzak ongi eginda hor egon gintezkela. Gaur erakutsi dugu besteen pare bagarela", adierazi du Getarian bizi den arraunlari azpeitiarrak.

Lehen jardunaldiaren ostean, bost traineru geratu dira zazpi segundoren bueltan Kontxako Bandera lortzeko aukerekin. Eizmendik uste du "kaleekin zorte pixka bat izanda, eta guk geurea emanez gero, irabazteko borroka horretan" egon daitekeela Orio. 

Orio beti hazi egiten da Kontxan, eta arraunlariak ere aitortu du urteko helburu garratzitsuena hitzordu hori dela nagusiki. "Eta honetarako prestatu gara eta antzematen da!". Denboraldian aurrera egin ahala hobera egin du taldeak eta urte osoan eginiko lana gaur azaleratu dela dio arraunlariak: "Nik uste dut datorren astean konfiantza gehiagorekin uretaratuko garela".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide