Iraileko laugarren asteburuan ospatuko dituzte Gazte Festak Orion, eta 10. urteurrenaren bueltan Piraten Danborrada antolatzen ari dira Etxeluze Gaztetxeko kideak. Danborrada irailaren 22an egingo dute, eta 22:30ean abiatuko da gaztetxetik herria zeharkatzeko. Hala, bertan parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete Kolon Txikin, Errustan eta K2n. Horrez gain, entseguetan bertan ere izango da horretarako aukera eta inskribatzeko azken eguna irailaren 15a izango da.
Astelehenean egingo dute lehen entsegua Etxeluze Gaztetxean 19:30ean hasita, eta zehaztu dute zein izango diren entsegu egunak: Irailaren 4a, 7a, 13a, 15a, 19a eta 21a. Irailaren 22ko danborradan parte hartzeko gutxienez hiru entsegutan parte hartu behar dela zehaztu dute antolatzaileek.