Kontxako Bandera irabazteko lehian sartzea izango dute helburu Orioko bi taldeek

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko abu. 30a, 10:46

Orio Arraunketa Elkarteko nesken trainerua Hondarribian. (Aitor Arrizabalaga - Euskotren liga)

Datozen bi igandeetan Donostiako Estropadak jokatzeko gaur eta bihar azkarrenen artean sailkatu beharko dute Orioko arraun taldeek. 18:00etan hasiko dira bi egunetan erlojuaren aurkako sailkatze estropadak.

Ate joka da iraila, eta horrekin batera, traineru denboraldiko arraun hitzordurik garrantzitsuenak: Donostiako estropadak. Ohiturari jarraituz, gaur eta bihar jokatuko dituzte Kontxako Banderako sailkapen estropadak, eta Kantauri itsasoko arraun taldeak bertan izango dira. Batzuek arraunaren festaz gozatzea eta denboraldia borobiltzeko ahalik eta lanik txukunena egitea izango dute helburu, eta besteek, berriz, datozen bi igandeetarako txartela lortzea. Dena dela, horretarako egunotan jokatuko diren erlojuaren aurkako probetan zazpi azkarrenen artean sailkatu beharko dute traineruek.

Gaur, 18:00etan ekingo diote emakumezkoen sailkatze estropadari, eta hemezortzi talde aterako dira uretara. Gizonek, berriz, bihar izango dute hitzordua, ordu berean. Hala, txartela lortzen dutenek irailaren 3an eta 10ean jokatuko dituzte estropadak, igandearekin. Emakumeen lehia 11:00etan hasiko da, eta gizonezkoena 12:00etan.

Orio Arraunketa Elkarteko presidente Iosu Esnaolak azaldu duenez herriko bi taldeek Donostiako Estropadetarako sailkatzea izango dute gaur helburu. "Emakumeak indartsu iritsi dira irailera. Estropadarik gabeko bi aste hauek oso ondo etorri zaizkie arraunlariei Zarauzko estropada atzean utzi, entrenamendu onak egin eta indarberritzeko. Beraz, gure helburua gaur txartela lortzea eta bandera irabazteko lehian sartzea izango da", azaldu du Esnaolak.

Gizonezkoek ere gaurko sailkatze estropadan lehen zazpi ontzi azkarrenen artean sartzea izango dute helburu. "Aurreko asteburuan Ondarroako Bandera irabazi zuen taldeak. Uste dut garai onean iritsi dela garaipena, indarra emango dielako arraunlariei eta balioko diela sinesteko egiten ari diren lana ona dela".

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide