Gaur eguerdian Getariako estropadan itsaso zakarra eta haize boladak izan dira protagonista nagusiak. Naturak baldintzatu du estropada nabarmen, eta lehen txanda aurreikusitakoa baino 15 minutu beranduago abiatu behar izan dute, eguraldiaren eta itsasoaren baldintzek behartuta. Hasieran ez ezik, jardunaldian osoan zehar etengabekoak izan dira ekarraldiak. Azkenean, jardunaldiko denborarik onena Urdaibaik markatu du ohorezko txandan eta bandera irabazi du, Zierbenarekin azken unera arte lehia estua jokatu ondoren.
Oriok bigarren txandan egin du arraunean eta baldintza bereziki gogorrak izan ditu. Bere txandan lehia estua izan du Getariarekin eta mendebaldeko haize kolpeek eta alboko olatuak baldintzatu dute arraunlarien lana, eta sailkapenean eragina izan du. Azkenean, Orio nagusitu da txandan 22:45,84 denbora eginda, eta seigarrena izan da estropadako sailkapenean.
Asteburuko bi jardunaldietan itsasoren eta eguraldiren baldintzek ez ohiko sailkapenak utzi dituzte, traineru estropadetan naturak zeresan handia izan dezakeela erakutsiz. Atzo, esaterako, bandera irabazi zuen Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen taldeak, aurten ligan irabazitako lehenengoa. Ostegunean Kontxako Banderako sailkapen estropada jokatuko dute, eta hitzordu garrantzitsu horretarako indarra emateko baliagarria izango zitzaien atzoko garaipena.