Trapu Zaharra antzerki konpainiak Turistreando antzezlana eskainiko du gaur arratsaldean, 20:00etan hasita, Orioko plazan. Hasiera batean emanaldia Antilla hondartzan egitea zen asmoa, baina eguraldiaren iragarpenak direla-eta herriko plazara leku aldatu dute. Saioa 20:00etan hasiko da eta doakoa izango da.
Ruben Ontiverosek idatzi du antzezlanaren gidoia, eta Santi Ugalde eta Mila Espiga izango dira aktore nagusiak, Isidoro Fernandezen gidaritzapean. Antzezlanak udan puri-purian dagoen gaia jorratuko du umorea baliatuz, turismoa. Izan ere, bidaia agentzia batek stand bat jarriko du kalean, nahieran antolatu daitezkeen bidaia birtualak saltzeko. "Itsasontzian egindako bidaiarekin oso pozik dagoen emakume bat aukeratuko dute bidaia birtualak nola antolatzen diren zuzenean erakusteko. Bidaia horretan, bere fantasia guztiei bide emango die".