Abuztuko azken asteburua izango da datorrena, eta hainbat traineru liga amaitu badira ere, Eusko Label ligako taldeek jardunaldiak jokatuko dituzte asteburuan. Hala, Orio Arraunketa Elkarteko gizonen talde nagusiak larunbat arratsaldean Ondarroan izango du hitzordua 18:15ean hasita, eta igande eguerdian, berriz, Getarian, 12:15etik aurrera. Estropada horien ondoren, Donostiako estropadan zentratuko dira taldeak, eta irailaren 16ko eta 17ko jardunaldiekin emango diote bukaera aurtengo Eusko Label ligari.
Orio Bk pasa den asteburuan eman zion bukaera KAE2 ligari eta datorren denboraldian KAE1 ligan aritzeko txartela lortu zuen gainera. Hala ere, larunbatean hitzordua izango dute Colindresen (Kantabria, Espainia); ez da ligarako estropada puntuagarria izango, baina bandera izango dute jokoan. Jardunaldia aprobetxatuko dute KAE1eko play offak jokatzeko, eta hasiera batean KAE2 ligako taldeek igandean Erandion estropada jokatzea aurreikusi bazen ere, azken horretan play offa jokatzen dutenek bakarrik parte hartzea erabaki dute antolatzaileek.