Nadeth Agirre: "Datozen asteetan taldea fintzen saiatu behar dugu Kontxako Bandera irabazteko lehian sartzeko"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko abu. 22a, 15:46

Nadeth Agirre abuztuaren 6an Lekeition jokatu zen XII. Euskotren Bandera estropadan. (Aitor Arrizabalaga/Euskotren Liga)

Igandean eman zitzaion bukaera Euskotren ligari, eta Orio Orialki emakumeen taldeak bigarren postuan amaitu du aurten. Ligaren balorazioa egin du Nadeth Arruti taldeko patroiak, eta datozen asteetako asmoez aritu da.

Sentipen garrantzarekin bukatu al duzue Euskotren liga?

Bai, denboraldia ez genuen ondo hasi, laugarren egin baikenuen Galiziako estropadan, baina gure zuzeneko aurkariak beste txandan jokatu zuten eta uste dugu horrek eragin handia izan zuela. Pasa den asteburuan ere ez zitzaigun atera guk nahi genuen estropada; larunbatean sei segundora helmugaratu ginen, eta igandean, ontzian haize freskoa sartzeko asmoz sei aldaketak egin zituen entrenatzaileak, baina ez genuen asmatu eta ez genuen gure maila eman. Zarautzen huts egiteak pena eman digu, baina hori baino gehiago bagarela uste dugu ,eta horri heldu behar diogu hurrengo asteetan.

Arantzaren bat geratu zaizue ligan?

Guretzat ligako estropadarik berezienak etxekoa eta Zarauzkoa izaten dira. Etxean bandera irabazi genuen, beraz, Zarauzkoarekin geratu zaigu arantza. Gainontzean, Galiziakoa kenduta, ia asteburu guztietan irabazi dugu estropadaren bat eta horregatik sentipen gazi-gozoa dugu, gure maila eman ez dugunaren sentsazioa.

Aurtengoan lehia estua izan duzuen ligan Donostiako taldeekin. Horrek motibatu al zaituzte hobetzera?

Gure lanean zentratu gara, eta argi izan dugu beti beste taldeak ere oso denbora onak egiten ari zirela. Aurreko urtetik konparatuta aldaketa nabarmena antzeman da zentzu horretan: guk denborak hobetu ditugu, baina beste taldeek ere gorakada nabarmena egin dute eta indartsu daude. Guztiok adi-adi egon behar izan dugu, huts egite txikiren bat eginez gero besteek azkar aurre hartzen dutelako.

Azken urte honetan emakumeen traineru estropadetan aurrerapauso bat eman dela antzeman al duzu?

Bai, urtez urte argi egin dute gora. Estropadetan egiten ditugun denborak dira gorakada horren adierazgarri. Guk pasa den urteko talde antzekoa dugu, baina ez dugu sentitzen gure maila ematen ari garenik. Badakigu irabazteko gai bagarela, baina besteak ere indartsu daude.

Liga bukatuta, Kontxako Banderari begira jarriko al zarete?

Bai, atzo atseden eguna izan genuen eta oraindik ez dugu hitz egin datozen asteetako planteamenduaz. Hala ere, liga pasa da eta bertan gertatutakoak ikasi egin beharko dugu; datozen asteetan taldea fintzen saiatu behar dugu Kontxara ahalik eta ondoen iritsi eta bandera irabazteko lehian sartzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide