Orio Arraunketa Elkarteko gizonezkoen bigarren taldeak Bilbon jokatu zuen atzo KAE2 ligako erlojuaren aurkako estropada, eta beste behin nagusitasuna erakutsi zuten uretan, Bilboko bandera irabazita. Ligan hamar estropada jokatu dituzte eta horietatik bederatzi bandera irabazi ditu Orioko arraun elkarteko arraunlari gazteen taldeak; baita KAE2 ligako txapeldunaren bandera ere. Gainera, sailkapen orokorrean lehen postuan sailkatuta, lortu du KAE 1 ligara zuzenean igotzeko txartela, eta berriz ere KAE1 mailan arituko da datorren denboraldian. Hala, asteburuko garaipena eta KAE1 ligara igoera ospatu zituzten atzo arratsaldean zaleekin udaletxeko balkoitik, eta udan zehar irabazitako bandera guztiak atera zituzten zaleei eskaintzeko.
Datorren asteburuan bi estropada jokatuko ditu arraunlari gazteen taldeak eta Colindres (Kantabria, Espainia) eta Erandioko banderak izango dituzte arraun taldeek jokoan; jardunaldi horietan KAE1 ligako play offak ere jokatuko dituzte, baina aurretik esan bezala, Orioko taldeak banderen lehian soilik parte hartuko du, zuzenean lortu duelako KAE1 ligan aritzeko txartela.
Argazkiak: Joxemari eta Joxe Julian Olasagasti eta Orio Arraunketa Elkartea