Aho zapore garratzarekin amaitu du Oriok asteburua Zarautzen

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abu. 20a, 16:10

Orioren Euskotren ligako trainerua ohorezko txandako laugarren psotuan helmugaratzen, Zarautzen. (Jabi Gonzalez Toston)

Bi ontziak azkenak izan dira ohorezko txandan eta ez dute bandera lehiatzeko aukerarik izan. Emakumeak Kontxako banderari begira daude jada.

Erabat garraztu zaio atzoko aho zapore gozoa Oriori gaur, Zarauzko Ikurrinaren bigarren jardunaldian. Bi traineruek bigarren azken postuan helmugaratu dira eta ez dute bandera lehiatzeko aukerarik izan. Eusko Label ligan, gaurko estropadan ere garaile izan den Bermeo Urdaibaik 35 segundoko aldea atera die eta Euskotren ligan gaur azkarrena izan den Donostiarrak hamaika segundokoa. Ondorioz, asteburuko sailkapenean ere aurre hartu die Donostiarrak eta hirugarren amaitu dute. Bandera,  Arraun Lagunakek irabazi du liga bezalaxe.

Hori horrela, Iosu Esnaola klubeko presidenteak aurkaria zoriondu nahi izan du, lehenik eta behin, eta "liga ahaztuta Kontxari begira" orain jarriko direla esan du, ondoren. Irabazteko gai ikusten du taldea Esnaolak: "Badakigu irabazteko gai garela. Arraunek bost estropada irabazi ditu aurtengo ligan eta guk eta Donostiarrak launa. Hamabost egun ditugu etxeko lanak ongi egiteko eta adi ibili beharko dugu akats txikiak garesti ordaintzen direlako eta aski direlako aurkariek ihes egiteko".

Eusko Label ligako traineruari lotuta aitortu du, bestalde, gaurko estropadak "garraztu" egin diela atzokoak utzi zien zapore gozoa: "Ikusi dugu onenaren pare egoteko bi egunetan eman behar dela aurpegia. Egun batean eman dugu eta bigarrenean kostatu egin zaigu". Zortzigarren izan da gaurko estropadan Orio eta bosgarren asteburuko sailkapenean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide