Bigarren sailkatu dira Orioko bi traineruak Zarauzko Ikurrinaren lehenengo jardunaldian

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abu. 19a, 21:15

Orioren Eusko Label ligako trainerua, gaur, Zarauzko Ikurrinako lehen jardunaldia amaituta, Getariara bueltan. (Jabi Gonzalez Toston

Eusko Label ligako ontziak bolada onean jarraitzen du eta banderaren lehian izango da bihar. Dena den, ez du lan erraza izango, Urdaibaik zortzi segundo ateratzen baitizkio. Euskotren ligako traineruak, berriz, zazpi segundoko aldea atera beharko dio Arraun Lagunaki bandera irabazteko.

Orioko bi traineruak Zarauzko Ikurrinaren lehian izango dira biharko bigarren jardunaldi erabakigarrian. Biek ala biek bigarren amaitu dute gaurko estropada, eta, ondorioz, onenekin arituko dira bihar ohorezko txandan. Dena den, zail izango dute bandera irabaztea, nagusitasunez gailendu baitira gaur Urdaibai eta Arraun Lagunak.

Eusko Label ligan, denboraldiko emaitza onena lortu du Oriok bigarren amaituta, eta, hala, jarraipena eman dio joan den astean hasitako bide onari. Nolanahi ere zortzi segundokoa izan da Bermeoko (Bizkaia) ontziak atera dion errenta.

Euskotren ligan, bestalde, Oriok gaurkoan ere ezin izan du Arraun Lagunak gainditu eta Donostiako ontziak ia erabakita utzi du liga; izan ere, biharko azken jardunaldiaren faltan zazpi puntuko errenta ateratzen dio Oriori. Gaurkoan sei segundokoa izan da bi ontzien arteko aldea. Oriok liga irabazteko biharko estropada irabazi eta Arraunek azkena egitea behar luke.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide