Zarauzko Ikurrina irabazita amaitu nahi du Euskotren liga Oriok

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abu. 19a, 09:00

Orioko arraunlariak iazko Zarauzko Ikurrina astintzen. (Arnaitz Rubio)

Euskolabel ligako traineruak ere ikurrinaren lehian egon nahi du joan den asteko emaitza onari jarraipena emateko. Bi herrien arteko gertutasuna kontuan izanda, lehorrean kolore horia nagusitzea espero dute arraunlariek.

Eusko Label eta Euskotren ligetako traineruek Zarauzko Ikurrina izango dute jokoan asteburu honetan. Denboraldiko banderarik preziatuena askorentzat. Emakumezkoentzat, gainera, ligako azken estropadak izango dira gaurkoak eta biharkoak eta txapelduna erabakiko dute.

Azken horren harira, Oriok liga irabazteko aukerak oraindik badituen arren, ia ezinezkotzat jotzen du Patxi Frances entrenatzaileak: "Ez dut esango liga galdutzat ematen dugunik, baina oso zaila daukagu. Zorigaiztoko ezbeharren bat izan beharko luke Arraun Lagunakek liga ez irabazteko eta ez diegu halakorik opa".

Nolanahi ere, bandera kopuruan garaile izan nahi dute oriotarrek. Horregatik, Zarauzko Ikurrina irabazi eta "berdinketa hautsi" nahi dutela dio Francesek; izan ere, une honetan launa dituzte Arraun Lagunakek eta Oriok eta hiru Donostiarrak. Orioko prestatzaileak dio, gainera, "Kontxako banderaren ondoren garrantzitsuena" dela Zarauzkoa.

Gizonezkoak ere bandera lehiatzera

Eusko Label ligako traineruari liga ez zaio espero bezain ondo joan orain arte. Dena den, azken estropadetan maila hobea eman dute eta bide horri eutsi nahi diote. Joan den igandean hirugarren izan ziren Boiron eta asteburu honetan ere banderen lehian egon nahi dutela nabarmendu du Andoni Campos arraunlariak: "Gure helburua da azken estropadetan atera dugun arraunketa ateratzea eta horrekin aurrekoei gerra ematea. Azken estropadetan erakutsi dugu bi edo hiru luzetan ohorezko txandako traineruen erritmoan aritzeko gai garela, eta Zarautzen lau luzetan eutsi nahi diogu. Orio ez da inoiz baztertu behar banderaren lehiarako".

Halaber, Camposek dio zaleen berotasuna izatea espero dutela: "Orioko herria beti mugitzen da Zarauzko estropadara bi herritarren gertutasunagatik eta aurten ere Getariara arteko kosta lerroa horituta ikustea espero dugu. Gainera, herritarrek oraindik ez dute esperantzarik galdu".

Bi jardunaldietara jokatzen den bandera da Zarauzko Ikurrina eta lehenengoa gaur 17:25ean hasiko da Euskotren ligako estropadekin. Horiek amaitzen dutenean, Esuko Label ligakoek hartuko diete lekukoa 115etik aurrera. Bihar, berriz, 11:20ean hasiko dira Euskotren ligako estropadak eta 12:15ean Eusko Label ligakoak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide