Gaur amaituko den lau eguneko asteburu luzearen ondoren, Otsoa eta Entzi bikoteak asteazkena arinduko diete bihar lanera itzuli beharko dutenei, Mola Molan eskainiko duten kontzertuarekin. Lanera joan behar izan ez dutenek, aldiz, oporraldiaz gozatzen jarraitzeko aukera ederra izango dute 19:00etatik aurrera.
Mola Molak hilabeteak daramatza askotariko ekintzak antolatzen, eta udako egunak girotzen, arratsaldeak batez ere. Horretarako prestatu duen egitarauaren barruan sartzen da biharko kontzertua, esaterako. Etzi, berriz, ekaina erdialdeaz geroztik ostegunero eskaintzen ari diren dantza ikastaroen txanda izango da. Saltsa eta bachata egiteko aukera izango dute herritarrek, hain zuzen ere.