Kultur egitarau zabala prestatu du Orioko Udalak udako hilabeteei begira, eta abuztuaren erdira iritsita, egin dituzte jada zerrendako ekintza gehienak. Uztailaren 8an eman zioten hasiera programazioari Gartxot Unsainek eta Jaiotz Osak Mutiozabal plazan eskainiko duten GHAU ikuskizun bereziarekin, eta ordutik astero izan da zerbait: Bisiguaren Festa, estropadak, lehiaketak, zinema emanaldiak aire librean...
Azken horri lotuta, aste honetan hirugarren eta azken zinema saioa egingo dute kalean. Little Miss Sunshine filma emango dute euskaratuta ostiral gauean hondartzan. Datorren asteko ostiralean, hilaren 25ean, berriz, Turisteando kale-antzerkia eskainiko du Trapu Zaharra konpainiak, hondartzan, era berean. Hurrengo egunean, abuztuaren 26an, amaituko dituzte abuztuko kultur ekintzak Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan elizan eskainiko duten Organo-kontzertuarekin. Bien bitartean, Gure Zirkuko emanaldiak ere izango dira, hilaren 29ra arte ostegun, ostiral, larunbat eta igande guztietan.
Gainera, irailean ere izango da zer egina: 2an, kirola eta festa uztartzen dituen Mola Five jaia egingo dute; 16an, zirkua eta antzerkia uztartzen dituen NAO-NOW-NAU ikuskizuna eskainiko du Cia Barrek, eta, 30erako, azkenik, Neomak taldearen kontzertua antolatu dute.