Libe Arruabarrenak, Orio Eragineko jubenil mailako kirolariak, EHF Championship txapelketa irabazi zuen atzo Espainako selekzioarekin Bakun (Azerbaijan). Horrez gainera, atzo lortutako garaipenari esker, datorren Europako Txapelketarako eta 2024an jokatuko den Munduko Txapelketarako sailkatu dira jubenilak.
Esloveniaren aurka lehiatu ziren finalean, eta atsedenaldiaren aurretik kontrolatuta zuten partidua. Jardunaldi borobila egin zuen taldeak eta, azkenean, 28-20 gailendu ziren Esloveniako taldearen aurrean. Arruabarrenak gol bat sartu zuen finalean.
Garaipen handia da honakoa Orio Eraginentzat; izan ere, duela lau aste Lituanian Maialen Orbañanos jokalariak irabazitako EHF Championshipa tarteko, uda izugarria egiten ari dira Orio Eragineko jokalariak nazioarte mailan.