Herritarren eskaerari erantzunez, Orioko Udala skate parkea egokitzen hasi da dagoeneko. Gaur egungoa baino eremu zabalagoa hartuko du instalazio berriak. Skate parkea lurraren altueran eraikiko dute, eta bi skate eremuetatik bat kendu egingo dute; izan ere, bata egurrezkoa eta bestea hormigoizkoa da, eta "biak daude egoera kaskarrean", udalak azaldu duenez.
Lehena kendu egingo du udalak, erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, baina hormigoizkoak baditu ezaugarri berezi batzuk, eta erabiltzaileek mantentzeko eskatu diote erakundeari. Horregatik, konpondu eta diseinu berrian txertatuko da U formako eremu hori, zati horren eta berriaren arteko zirkulazioa bermatuz.
Ingurua egokituko dutela aprobetxatuz, skate parkearen alboan dagoen saskibaloi zelaia ere berritu egingo du udalak.