Traineru ligak hasi dira amaiera aldera gerturatzen, bai behintzat Euskotren, ETE, KAE1 eta KAE2 ligak. Sei jardunaldi falta dituzte amaitzeko. Hala, puntu garrantzitsuak izango dituzte jokoan denek asteburu honetan.
Euskotren eta Eusko Label ligetako biharko estropadak Hondarribian (Gipuzkoa) jokatuko dituzte, 17:25ean emakumeek, eta 18:15ean gizonek.
Igandean, Lekeition (Bizkaia) izango dute hitzordua liga nagusiek, 11:25ean hasita Euskotrenekoek, eta 12:15ean, Eusko Label ligakoek.
KAE2 ligan, berriz, oriotar gazteek bi estropada jokatuko dituzte asteburu honetan, bihar 11:00etan Ondarroan eta, etzi, Hondarribian 15:30ean; ondoren, soilik bi jardunaldi geldituko zaizkie denboraldia amaitzeko.
Sailkapenak
Sailkapena bero-bero dago Euskotren ligan: Donostia Arraun Lagunak da lider 50 punturekin, baina Orio Orialki gertu-gertu dauka, bigarren, 47 punturekin. Asteburu honetako puntuak garrantzitsuak izango dira, beraz, liga amaitzeko lau jardunaldi geldituko baitira ondoren.
Eusko Label ligan ere, puntu gutxi-gutxiko aldea dute lehen hiru sailkatuek: 99 ditu Urdaibaik, 98 Hondarribiak, eta 91 Zierbenak. Donostiarra da laugarren 74 punturekin, eta Orio bosgarren, 62rekin.
Azkenik, KAE2 ligan, Orioko gazteak dira lider, 40 punturekin. Portugalete daukate gertuen, 31 punturekin, bigarren postuan, eta Astillero hirugarren, 27 punturekin.