Orioko itsas ondareari buruzko bisita gidatuak ari da egiten Turismo Bulegoa udan zehar, eta larunbat honetan, hilak 12, izango da horretarako beste aukera bat. 11:00etan hasita, herriko historiaren pasarte esanguratsuenak azalduko ditu gidak ordubeteko saioan, turismo bulegotik abiatuta.
Hiribilduaren sorrera, burdinolak, merkataritzatik eratorritako zergak, ontziolak eta balea-arrantza izango ditu hizpide, Begi Bistan aisialdiko zerbitzuen enpresako Violeta Bandresek.
Bisita hori euskaraz izango da, eta hiru euroko prezioa du. Parte hartu nahi duten herritarrek, aldez aurretik izena eman beharko dute Turismo Bulegoan (943-83 55 65, infoturismoa@orio.eus). Tokia mugatua dela jakinarazi dute.