Beste asteburu batez, ez da estropadarik faltako bazterretan. Hori bai, Euskotrenekoek atsedena dute asteburu honetan, eta beraz, Orioko emakumezkorik ez da lehian ikusiko gaur eta bihar. Eusko Label ligari dagokionez, berriz, bi jardunaldi dituzte, gaur Sestaon (Bizkaia) eta bihar Castro Urdialesen (Kantabria, Espainia).
Larunbateko estropada, ohi bezala, arratsaldez izango da, zehazki, 18:15ean. Bihar, berriz, 12:15ean hasiko da lehia.
Gaur-gaurkoz, seigarren da Orio sailkapen nagusian, 31 punturekin. Gertu ditu hurrengo biak, ordea, 29 punturekin baitaude Cabo eta Lekittarra zazpigarren eta zortzigarren postuetan. Estropada garrantzitsuak izango dira, beraz, gaurkoa eta biharkoa Jon Salsamendiren mutilentzat.
KAE2 liga, bihar
Orioko bigarren taldeak bihar jokatuko du estropada, Astilleron (Kantabria, Espainia). Sailkapenean lider da Orio, Portugaleteri koska polita kenduta; 33 puntu dituzte oriotarrek, eta 26, bizkaitarrek.
Etxera beste bandera bat ekartzeko aukera izango dute bihar oriotarrek.