Haizea Gozategi Parisen izango da abuztuaren hasieran arraunketa olinpikoko jubenil mailako munduko txapelketa jokatzen, Espainiako selekzioarekin. Abuztuaren 2tik 6ra bitartean izango da hitzordua, eta Gozategik June Baldarekin batera parte hartuko du lemazainik gabeko bikoan.
Gozategik Donostiako Ur Kirolak arraun elkartean egiten du arraunean, eta Aste Santutan deitu zuen Espainiako Arraunketa Federazioak Sevillan egin zuten kontzentrazioan parte hartzeko. Bertan selekziorako hautaprobak egin zituen, eta apirilaren 18an jakinarazi zioten maiatzean jokatu zen Europako Txapelketan parte hartzeko txartela lortu zuela. Oriotar gazteak brontzezko domina lortu zuen maiatzaren 20an eta 21ean Brive-la-Gaillarde (Frantzia) herrian jokatu zen 19 urtez azpiko Europako Txapelketan.
Udan, berriz, Parisko jubenil mailako munduko txapelketan izango da Gozategi. Ekainaren bukaeran Espainiako Txapelketa jokatu zuen Banyolasen (Herrialde Katalanak) eta bi domina lortu zituen bertan: urrezkoa laukoan eta brontzezkoa bikoan. Handik zuzenean Sevillara abiatu zen arraunlari gaztea Espainiako selekzioarekin entrenatzera, eta abuztuaren hasieran Parisen jokatuko den txapelketa prestatzen ari da buru-belarri.