Udan ohitura bihurtu da hondartzan zinemaz gozatzea. Hala, aurten ere, Zinea Kalean egitasmoaren barruan, hiru film eskainiko dituzte Orioko Antilla hondartzan uztailean eta abuztuan. Lehen saioa larunbat honetan izango da, uztailaren 22an, eta Lara Izagirre zinemagile bizkaitarraren Nora filma proiektatuko dute jatorrizko hizkuntzan, euskaraz. Hondartzako zelaian izango da emanaldia, 22:00etan hasita.
Ane Pikaza aktoreak antzeztutako Nora da fimeko protagonista; emakume gazteak 30 urte ditu, aitona Nicolasekin bizi da eta bere bizitza ez da aurreikusitakoa bezalakoa. Lan txikiak egiten ditu eta ia ez da bere herritik atera. Aitona galtzen duenean, ordea, Euskal Herriko kostaldetik bidaian abiatuko da, aitonaren errautsak amonarenen albora eramateko, Ziburura.