Bisiguaren Festak hartua du egunotan Orioko plaza. Gaurkoan, gainera, KAE 2 ligako Orioko Kanpina 5. Bandera erlojupekoa jokatu da errioan, eta zale ugari gerturatu da moilara nahiz errioko zubira estropada bertatik bertara ikustera.
Etxekoen berotasuna gertu sentitu du Orio-Orialkiko bigarren taldeak, eta aise eskuratu du garaipena. Bigarren txandan jokatu du, eta estropadako sailkapenean zortzi segundo atera dizkio bigarren egin duen Portugaleteri. Hirugarren egin du, berriz, Astillerok. Hemen ikus daiteke gaurko estropadako sailkapena.
Sailkapen orokorrean lehen postuan da Orio, Portugaleteri bost puntuko abantaila aterata, 28 punturekin. Bihar izango dute hurrengo estropada, Portugaleten bertan.
Argazkiak: @CRO_OrioAE eta Maria Maya Manterola.