Egun handia izan zen atzokoa Patxi Francesen neskentzat, Euskotren ligako aurreneko bandera irabazi baitzuten Zierbenan (Bizkaia), lehia estu-estu batean azken unera arte borrokatu ondoren. Bezperan, Donostiako estropadan, bigarren garaipena lortua zuten KAE2 ligako mutilek, eta hala, atzo elkarrekin jaso zuten ohiko errezibimendua.
20:00etan puntuan abiatu ziren arraunlariak txaranga jendetsuaren atzetik plazarantz, eta udal ordezkariek ohiko harrera egin zieten udaletxean. Talde argazkia atera, eta banderak astindu zituzten udaletxeko balkoian.
Euri zaparrada mardula hasi zuen 20:00 baino minutu batzuk lehenago, baina herritarrek ez zuten hutsik egin, eta elastiko horidun asko elkartu ziren plazako estalpean arraunlariei txalo egitera.