Estropada ikusgarria egin dute gaur eguerdian Eusko Label ligako traineruek Zierbenako (Bizkaia) uretan. Urdaibaik erakustaldia eman du, eta aise irabazi du estropada, Hondarribiari hemezortzi segundoko aldea aterata. Cabo izan da hirugarren.
Oriotarrek aurreneko txandan egin dute arraun, atzo Donostian hamargarren sailkatu ondoren. Arantzatxoa ateratzeko balio izan die, baina Ioritz Etxeberria arraunlariak estropada amaitzean argi esan du taldeak "gora" egingo duela hemendik aurrera, eta "horrelako taldearekin ezin" dutela atzokoa bezalako emaitzarik onartu. "Ez genuen espero atzoko emaitza. Asko sufritu genuen, eta gaur gogorrena atzokoari psikologikoki buelta ematea izan da; gaur ere asko sufritu dugu", esan du.
Zazpigarren izan dira gaur oriotarrak, eta sailkapen orokorrean ere postu horretantxe dira orain, 18 punturekin.