Hirugarren egin du Orio Orialkik Donostiako estropadan

Intza Trula

Orio Orialki 2022ko Coruñako estropadan. (Artxibokoa)

Ez du nahi zuen emaitza lortu Orio Orialkik gaur Donostiako estropadan. Izan ere, hirugarren postua eskuratu dute oriotarrek, Donostiarra eta Arraun Lagunaken atzetik helmugaratu ondoren.

Ohorezko txandan egin du arraunean Orio Orialkik, eta hirugarren postuan sailkatu da 10:54:98ko denbora eginda. Donostiarrak irabazi du etxeko bandera, 10:45:00ko denbora lortuta, hau da, oriotarrei bederatzi segundo aterata. 

Arraunerako itsaso egokia zegoela azaldu dute adituek, haizea indar gutxirekin zebilen Kontxako hondartzan.

Donostiarrak nahiko azkar hartu du aurrea, eta Orio Orialkik ziaboga ondo hartu arren, ez dute bigarren luzean etxeko taldea harrapatzerik lortu. Bigarren postuaren lehia izan dute Arraun Lagunak eta Orio Orialkik, baina azken momentuan donostiarrek hartu dute aurrea, eta irabazleak baino hiru segundo beranduago igaro dute muga, bigarren postua eskuratuz. Laugarren postua Tolosaldearentzat izan da.

Hori horrela, sailkapen nagusian Orio Orialki laugarren postuan da hamaika punturekin, eta bere aurretik dira Arraun Lagunak (15 punturekin), Donostiarra (14 punturekin) eta Tolosaldea (12 punturekin).

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide