Antonio Oliden Konpaxa arraunlari eta patroi izandako oriotarra zendu da gaur, Lasarte-Orian, 97 urterekin. Arraunaren historian izen handi horietakoa izan da, eta hainbat aitortza jasotakoa da: esaterako, 2020an omenaldia egin zioten Lasarte-Orian, eta 2021ean, Antonio Oliden Konpaxa, Arraunlari eta Patroi izeneko liburua argitaratu zuten Joseba Urretabizkaiak eta Alvaro Bermejok.
Orioko Arraunetxen aurkeztu zuten liburua, eta bertan izan ziren, besteak beste, liburuaren hitzaurrea idatzi zuen Anuska Esnal alkatea –Antonio Olidenen familiakoa ere bada– eta Orio Arrauneketa Elkarteko presidente Iosu Esnaola.
Oliden Ortzaikako Konpaxa baserrian jaio zen, eta arraunean palmares ikaragarria bildu zuen: esaterako, Kontxako 11 bandera irabazi zituen. Arraunlari ohiari eta Ortzaikari buruzko hainbat xehetasunen berri eman zuen Iñaki Iturain oriotarrak 2021eko uztaileko KARKARA aldizkariko Oroimenaren Kutxa atalean. Bi hamarkada lehenago, 2001eko irailean, arraunari buruzko liburua plazaratu zuen Iturainek berak: Orioko patroiak, herri txiki baten historia handia. Liburu hartan, atal oso bat eskaini zion Antonio Olidenen biografiari.