Askotan esaten dute gure arraunlariek eta entrenatzaileek negua luzea eta gogorra izaten dela. Dena ez da udan gertatzen. Udazkenean, neguan eta udaberrian hain mediatikoak ez diren lehiaketa asko jokatzen dira aulki mugikorrean eta finkoan. Txapelketan izan gara kategoria desberdinetako 200 arraunlarirekin; aulki mugikorreko eta finkoko Gipuzkoako, Euskal Herriko eta Espainiako txapelketetan. Emaitzak azpimarratzekoak; zortzikoan Euskal Herrian jokatutako txapelketa ofizial guztiak Oriok irabazi ditu. Finkoan, bateletan eta trainerilletan izandako parte hartzea sinbolikoa eta laburra izan da. Bateletan kadeteek Gipuzkoako zilarra eta seniorrek trainerilletan Gipuzkoako eta Euskal Herriko zilarrak.
Iosu Esnaola presidentearen arabera, "historikoki aulki mugikorraren aldeko apustua handia izan da Orio Arraunketa Elkartearen aldetik, eta erronka hori sendotu eta indartzeko pausoak ematen ari gara. Erabaki oso kontzientea izan da aurten gazteen prestaketa aulki mugikorrera bideratzea. Arraun eskolak indar handiak jarri ditu horretan. Horrek etorkizunera begira beste fruitu batzuk emango ditu, eta Oriok aulki mugikorrarekin duen lotura berretsiko du harrobiaren lanketa berezia eginez".
Arraun eskolan umeak eta gazteak arraunaren baloreetan hezten ari dira; oriotartasuna, profesionaltasuna eta apaltasuna. Hiru zutabe horietan oinarrituta lanean ari den giza talde aditua da arraun eskolakoa; Oriorekiko lotura, konpromisoa, sakrifizioa, errespetua, euskara eta solidaritatea.
Aurtengo nazioarteko estropadak bikainak izan dira Orion. Neguko lanaren erakusgarri, neskek eta mutilek txapela irabaztea lortu dute. Eta Patxi Sarasua bezalako handi bati ere txapela jantzi zaio herriaren aurrean.
Oriaren traineru jaitsieran neskek lehen postua. Aurre denboraldian bi jaitsiera irabazita erakutsi dute neguan etxeko lanak ongi egin dituztela. Mutilak Orian aurrena izateko borroka horretan oso gertu ibili ziren. Arraunlarien aldetik kantitate eta kalitate erakustaldia izan da jaitsierako azken edizioa. Traineru denboraldiaren atarian, prest dira Orioren hiru ontziak. Patxi Frances entrenatzailearen hitzetan, "taldea mentalki konbentzituta dago denboraldi on bat egin dezakeela, oso talde profesionala da, entrenamenduetan egunero erakusten dute hori, negua luzea da eta kontzentrazioa garrantzitsua. Aurre denboraldiko estropadetan ontzia maila onean egon dela uste dut, baina badakigu ezin garela erlaxatu, urtez urte ontzien maila orokorra gorantza datorrelako. Iazko denboraldiko markak egin nahi baditugu, dena ematera behartuta gaude, gure arerioei errespetua galdu gabe".
Jon Salsamendi eta Anjel Larrañaga entrenatzaileek diotenez, "udazkeneko entrenamenduak mutil guztiak nahastuta hasi genituen. Egia da gero uda gainera datorrenean, TKE eta KAE ligetan arraun egin behar duten arraunlari taldeak definitu egin behar direla, eta Oriaren jaitsieratik aurrera bi taldeek izaera independenteago batekin entrenatu dugu, bakoitzak bere bidea egin behar baitu. Bigarren txaluparen helburuak formakuntza eta heziketa dira, gure mutil gazteek eliteko arraunlariak izateko zubi lana egiten dute. Eliteko arraunlariak eta pertsonak izateko egiten dugu lan, beti harrobia oinarritzat hartuta. Udara begira ahalik eta maila handiena ematea eta arraunlarien heziketa dira helburu nagusiak".
Ikusitakoak ikusita eta datorrena datorrela, uda honetan ere #nioriorekin. Eta zu?