Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak ilusioz gainezka dabiltza azken asteetan. Alde batetik, gazteak arraunketa olinpikoko denboraldia bukatzen ari dira eta hitzordu garrantzitsuak izango dituzte datozen asteetan. Bestetik, seniorrek traineru denboraldia hastear dute, eta uretara ateratzeko irrikaz daude arraunlariak.
Gazteek aulki mugikorreko Espainiako Txapelketa jokatuko dute datozen asteetan. Datorren asteburuan, hilaren 23tik 25era, esaterako, Espainiako Txapelketa Banyolasen (Herrialde Katalanak) jokatuko dute kadete, jubenil, 23 urte azpiko eta absolutu eta arraunketa egokitu mailako arraunlariek. Guztira, Orio Arraunketa Elkarteak hamabi ontzi aurkeztuko ditu txapelketara: sei kadete, hiru jubenil, 23 urte azpiko ontzi bat eta absolutu mailako bi ontzi. Hori dela eta, 50 laguneko taldea joango da Kataluniara, "estropada txukun eta duina" egiteko asmoz. Bihar abiatuko da erremolkea ontzi guztiekin, eta ostegun goizean irtengo dira arraunlariak, entrenatzaileak eta elkarteko ordezkariak.
Uztailaren 7tik 9ra bitartean, bestalde, infantilek eta beteranoek jokatuko dute Espainiako Txapelketa Castrelo Do Miñon (Galizia).
KAE2 liga
Orio Arraunketa Elkarteko gizonen Orio Orialki B taldeak asteburuan emango dio hasiera KAE2 traineru ligari. Mutrikun jokatuko dute lehenengo jardunaldia, 17:00etan hasita, eta Mutrikuko VII. Yurrita Group Bandera izango dute jokoan.