Jakes Landaren oroimenezko estropada jokatuko dute larunbatean

Andrea Zipitria 2023ko eka. 14a, 09:25

Badok 13ko hainbat arraunlari eta Orioko alkatea, estropadaren aurkezpenean. (Andrea Zipitria)

Beterano mailako hemeretzi ontzik parte hartuko dute lehian; tartean izango dira Badok 13 elkarteko bi traineru eta Zumaiako bat. 16:00etan hasiko da estropada, eta hiru txanda izango ditu

Arraunlari Beteranoen Elkarteko La Salve ligako estropada jokatuko dute larunbat arratsaldean Orion, Badok 13 Orioko taldeak antolatuta. Zehazki, seigarren jardunaldia izango da Oriokoa, eta Jakes Landaren oroimenezko VIII. Badok 13 Ikurrina izango dute jokoan arraun taldeek. Guztira, hemeretzi ontzik parte hartuko dute estropadan; tartean izango dira Zumaiako beteranoen ontzia eta Orioko Badok 13ko bi talde. Ligan parte hartzen ez duten beteranoen traineruak ere gonbidatu dituzte antolatzaileek estropadara; horiek Trintxerpe, Santurtzi eta Aizpurua izango dira, hain justu ere. 

3.500 metroko ibilbidea osatu beharko dute arraun taldeek, guztira. 1.750 metroko bi luze izango dira, eta beste bi ziaboga. Lehen ziaboga Marrota parean egingo dute, eta bigarrena, berriz, herriko plazaren parean. 

16:00etan hasiko da estropada, eta kale bakarrean jokatuko dute, erlojuaren kontra, minutuero irteera emanez. Zentzu horretan, tripulazio kopurua kontuan hartuta, estropada hiru txandatan jokatzea aurreikusi dute. Hala ere, antolatzaileek iragarri dutenez, lehen txandak ordutegi aldaketa izan dezake ontzi gonbidatuen kopuruaren arabera. Beste biak, ordea, bere horretan mantenduko dira.

Beteranoen bi ontzi

Egun, Badok 13k bi ontzi ditu, eta 32 arraunlarik osatzen dute.  Orain dela bi urteko denboraldia "benetan borobila" izan zen Oriokoentzat, txapelketa guztiak irabazi baitzituzten. Aurten ere "lehen lerroan" ibiltzea espero dute. Momentuz, bi bandera ekarri dituzte etxera: Mundakan (Bizkaia) jokatu zen ligako jardunaldiko bandera eta Zarautzen izan zen Gipuzkoako Traineru Txapelketakoa. Dena den, garaipenak garaipen, garbi dute zein den taldearen helburu nagusia: "Osasuntsu mantentzea". 

Estropadako txandak

Oharra: erlojuaren aurkako estropada izango da.

Lehenengo txanda
1. Badok 13 B (16:10) 
2. Iberia B (16:11)
3. Getxo B (16:12)
4. Plentzia B (16:13)
5. Bilbao B (16:14)
6. Aizpurua (16:15) 
7. Trintxerpe (16:16) 

Bigarren txanda 
1. Santurtzi (16:35)
2. Ibaialde (16:36)
3. Sestao (16:37)
4. Mundaka (16:38)
5. Iberia (16:39) 
6. Zumaia (16:40)

Hirugarren txanda
1. Bilbao (17:00) 
2. Plentzia (17:01) 
3. Getxo (17:02)
4. Badok 13 (17:03) 
5. Pontejos (17:04)
6. Fortuna (17:05) 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide