Jon Unanue Goenatxo III.ak eta Udane Ostozalak irabazi dute aurtengo Etxauriko Harria txapelketa. Atzo, igandea, 1.300 lagunen aurrean jokatu zuten Alberto Lakostaren omenezko XVIII. Etxauriko Harria txapelketa, Etxauriko (Nafarroa) pilotalekuan. Aimar Galarraga eta Gorka Etxeberria oriotarrek, Imanol Royo Lartain zarauztarrak eta Goenatxo III.a harri-jasotzaile azkoitiarrak parte hartu zuten gizonen txapelketan, eta Udane Ostolaza harri-jasotzaile oriotarrak, Ane Zinkunegik eta Olaia Esnaolak emakumeetan.
Gizonek 136,5 kiloko harria altxatu behar izan zuten, eta emakumeek 68 kilokoa. Gizonetan, harriari 11 altxaldi emanda lortu zuen azkoitiarrak txapelketa irabaztea. Bederatzina altxaldi egin zituzten Etxeberriak eta Galarragak, baina azken horrek gorputz pisu handiagoa duela eta, Etxeberria izan zen bigarrena eta Galarraga hirugarrena. Laugarren, berriz, Xabier Aranburu Guztaren partez aritu zen Lartain sailkatu zen, zortzi jasoaldirekin. Emakumeetan, berriz, Udane Ostolaza izan zen txapelduna harriari hamahiru altxaldi emanda. Bigarren sailkatu zen Zinkunegi hamabi jasoaldirekin eta Esnaola hirugarren, harriari bederatzi altxaldi emanda.