Donostialdeko Hauteskunde Batzordeak aginduta, berriz ari dira Donostialdea eta Bidasoa-Oiartzun hautesbarrutietako udal eta foru hauteskundeetako botopaper guztiak kontatzen. Stop alderdiak jarritako errekurtso batengatik hartu du erabakia hauteskunde batzorde horrek, eta hamalau udalerriri eragin die, tartean Oriori.
Honakoak dira gainerako hamahiru udalerriak: Aduna, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Hondarribia, Irun, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbil.
Maiatzaren 28an izan ziren udal eta foru hauteskundeak, eta gaur egingo dute kontaketa berria. Hala ere, mantendu egingo da udaletako kargu hartze eguna: hurrengo astean, ekainaren 17an, izango dira kargu hartzeak Gipuzkoako herri guztietan.