Udal eta foru hauteskundeak dira gaur eta goizean goizetik giro berezia nabari zen herrian. 09:00etarako ireki dituzte hauteslekuak, eta asko izan dira goizeko lehen orduetan bertaratu diren herritarrak. Batzuk, adineko pertsonek batez ere, ohitura dute goiz bozkatzeko eta hauteslekuak irekitzeko zain izan dira 09:00etarako. Gaurkoan, gainera, goiztiarrei Kukuarrira igotzeko asmoa zuten herritarrak ere gehitu zaizkie. Izan ere, asko izan dira mendiko arropa soinean tontorrera abiatu aurretik hauteslekuetara bertaratu direnak oriotarrak, gaur Kukuarri Eguna ospatuko baitute bertan.
Orion hiru hautesleku atondu dituzte: Ikastola, Kultur Etxea eta udaletxean. Hain zuzen ere, azken horretan eman dute botoa EH Bilduko eta EAJko alkategaiek. Anuska Esnal EH Bilduko alkategaia 09:30ak inguruan bertaratu da. EAJko alkategai Noemi Ostolaza, berriz, eguerdian iritsi da. Ostolazak botoa eman duen mahaian EH Bilduko ikuskatzaile gisa lanean ari zen Esnal, eta Ostolazak botoa eman ondoren bi alkategaiak elkar agurtu dira eta zorte ona opatu diote elkarri eskua emanez.