Bihar goizean izango da XII. Kros Txikia

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko mai. 19a, 11:36

Iaz haur askok parte hartu zuten Zaragueta Herri Eskolak antolatutako Kros Txikian.

Kros Txikia 10:30ean abiatuko dute, eta hasi aurretik minutu bateko isilunea egingo dutela jakinarazi dute Zaragueta Herri Eskolako kideek.

Bihar goizean izango da Zaragueta Herri Eskolak antolatutako XII. Kros Txikia. Asteartean Orion gertatu zen hilketa matxistaren aurrean, ekintzarekin aurrera jarraitu edo bertan behera utzi erabakitzeko zalantza handiak izan dituzte antolatzaileek, baina Kros Txikiarekin aurrera jarraitzea erabaki dute "Herrian adostutako dolu egunen ondoren, normaltasun egoera berri bati hasiera ematea tokatu zaigu tamalez", adierazi dute ohar bidez. Hala, krosari hasiera eman aurretik minutu bateko isilunea egingo dute.

10:30ean emango diote hasiera XII. Kros Txikiari, eta parte-hartzaileek mailaka parte hartuko dute, adin tartearen arabera moldatutako ibilbidea osatuz. Zaragueta Eskolako kideek adierazi dute lasterketa irekia dela eta herriko haur guztiak gonbidatuta daudela hitzordura. Maiatzaren 2an zabaldu zuten izen-ematea, baina oraindik inskribatu ez direnek, egunean bertan lasterketa hasi aurretik izango dute horretarako aukera. Parte-hartzaile guztiek hamaiketakoa eta domina jasoko dituzte.

Hona hemen parte-hartzaileek osatu beharko duten distantzia:

- HH2 eta HH3: 100 metro
- HH4 eta HH5: 150 metro
- LH1 eta LH2: 300 metro
- LH3 eta LH4: 600 metro
- LH5 eta LH6: 1.000 metro

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide