Astearte arratsaldean gizon batek emakume bat –bikoteki ohiak ziren– hil zuen Arrantzale kalean manipulatutako eskopeta batekin. Gertaera lazgarri horren harira, Orioko Udalak hilketa gaitzesteko agerraldia egin zuen atzo goizean udaletxean, eta hiru eguneko dolua ezarri zuen.
Hedabide honek bat egin du udalaren erabakiarekin, eta horregatik, larunbatera arte ez ditu argitaratuko Orioko alkategaien elkarrizketak. Horiek gaur ziren argitaratzekoak Urola Kostako Hitza egunkarian nahiz atari honetan eta urolakosta.hitza.eus atarian. Egunkarian argitaratu egin dira, hauteskunde bezperara arte egunero eskualdeko herri bakoitzeko alkategaien elkarrizketak argitaratzen ari delako eta hori aldatzeak herri guztiei eragiten zielako. Baina elkarrizketa horien bideo eta bertsio digitalak atzeratzea erabaki du UKTk.