Arratsaldeko zazpietarako jarrita zegoen hitzordua astearte arratsaldean izandako heriotza matxista salatzeko, eta espero bezala, oriotarrek eta beste herrietatik bertaratutako hainbat lagunek bete dute Herriko plaza. Udaleko, aldundiko eta Jaurlaritzako hainbat ordezkari ere bertaratu dira. Erasorik ez erantzunik gabe!, Askeak izan nahi dugu edo Minaren aurrean herria familiekin leloak zeramatzaten pankartak ere irakurri zitezkeen udaletxe aurrean.
Isilunearen ondoren, gaurko elkarretaratzea deitu duen Orioko Mugimendu Feministako kideek hartu dute hitza. "Indarkeria matxistak dramaren kapitulu latza utzi digu herrian", azaldu du kide batek. "Shock egoeran" daudela gaineratu du, "askotan etxeetan gertatzen dena atzo kalean lehertu zen, baina egiturazko indarkeria matxista dago azpian".
Autodefentsa feministarako deia egin dute, "gure bizitzak direlako jokoan daudenak". Horrez gain, eraildako emakumeari kendutako askatasunaren alde borrokan jarraituko dutela ere adierazi dute.