Laguntasunaren irudia utzi du gaur goizean Orioko Mendibeltz futbol-zelaian izan den futbol egokituko topaketak. 60 haur baino gehiago bildu dira, eta euria ez da aitzakia izan, irribarrez jardun baitira zelaian.
Orioko Futbol Taldeak eta GKEF Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioak antolatu du ekimena. Helburu du desgaitasuna duten haur eta gazteei futbolean jokatzeko aukerak ematea, eta gizarteak kirol egokituarekiko duen ikuspegia aldatzen laguntzea. Horretarako, alebin mailako neska-mutiko guztiei zuzendutako (bai desgaitasunen bat dutenei eta bai ez dutenei) topaketa izan da gaurkoa.