"Orioko herritarrek harreman estua izan dute iraganean Oriarekin, eta, gaur egun, historiaren zati horrekin loturarik ez dutenez, pixkanaka galdu eta desagertu egin da", azaldu dute Albaola Itsas Kultur Faktoriatik. Horregatik, ontzigintza tradizionala iraunaraztea, eta belaunaldi berriei horren berri emateko asmoz, Zaragueta Herri Eskolako, Orio Herri Ikastolako eta Aginaga Herri Eskolako ikasleek Mutiozabal ontziolan ala bat eraitzen ibili dira azken hilabeteotan, eta dagoeneko prest dagoenez, bihar, haren uretaratze ekitaldia egingo dute, larunbatarekin.
Ekitaldia 17:00etan hasiko da, Mutiozabal plazan, eta Iruñeko Donibane Heziketa Zikloko arotzek egindako alarekin batera, uretaratzea da asmoa. Ondoren, bi alen arteko estropada jokatuko da. Hain zuzen ere, ontziak eraiki dituzten ikasleek hartuko dute parte, eta lagun arteko estropada txiki bat egingo dute Orian, Mutiozabal ontziolaren aurrean.
Ekitaldia aitzaki hartuta, ontziolan lanean aritu zen azken langile Ramon Carrera Txanka omenduko dute Albaolak eta Orioko Udalak, eta Mutiozabal plazan karpa txiki bat jarriko da, mokadua eskainiko zaie bertaratuei. Ekitaldiaren ostean, herriko trikitilariek joko dute.
Ondorengoa izango da eguneko programa:
17:00. Aurkezpena.
17:15-17:30. Alaren uretaratzea.
17:30: Estropadak
18:15. Mokadua.