Balearen Eguna izango da maiatzaren 14an, eta horren harira, Arkupe merkatarien eta ostalarien elkarteak merkatarien ginkana antolatu du maiatzaren lehen bi asteotan. Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du ekimenak, eta helburu du herrian kontsumitzea bultzatzea.
Herriko dendetan eta tabernetan kontsumitzen duten herritarrak sarituko ditu ekimenak. Hain zuzen ere, herriko establezimenduetan kontsumitzen duten herritarrek txartel bat jasoko dute, eta erosketa bakoitzagatik, zigilu bana jarriko diete. Behin sei zigiluak lortuta establezimendu desberdinetan, Balearen Eguneko bandera batengatik trukatu dezakete. Maiatzaren 12an, 18:30etik 20:30era banatuko dira banderak, kultur etxean. Horrez gain, Arkupeko establezimenduetan gastatzeko 200 euroko bost bonu zozketatuko dituzte txartela zigiluz betetzen dutenen artean.
Zozketa publikoa izango da eta aipatu bezala, maiatzaren 12an egingo da, 20:30ean, hain zuzen ere. Oraindik zehazteke dago lekua.