Zarauzko Udalak Kultur Merezimenduaren domina emango dio Anjel Lertxundi idazleari datorren ekainaren 20an. Hala onartu zuen Udalbatzak joan den ostegunean egin zuten apirileko ohiko osoko bilkuran udal talde guztien babesarekin.
Udaletik zehaztu dutenez, bi ekitaldi nagusi izango ditu ekaineko ekitaldiak. Alde batetik, instituzionala, non Lertxundik aipatu domina jasoko duen udaletxean, eta, bestetik, idazleari buruzko mahai ingurua. Modelo aretoan egingo dute azken hori eta Lertxundirekin batera, beste hainbat gonbidatu izango dira.
Udalak jakinarazi du, halaber, ekainaren 29 eta 30ean Anjel Lertxundi, idazlea eta obra ikastaroa antolatu dutela Euskal Herriko Unibertsiteko Udako Ikastaroen barruan. Euskal literaturan eta Anjel Lertxundiren obran adituak diren hainbat pertsonek gidatuko dituzte saioak.