Kirola: Eskubide eta aldarrikapen

Unai Zubeldia - Gipuzkoako Hitza 2023ko api. 29a, 12:30

Alicia Figueroa

Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak hogei urte bete zituen iazko abenduan. Behar bati tiraka sortu zuten federazioa, eta tarte laburrean "asko" egin dutela azpimarratu diote Gipuzkoako Hitzari Orioko bizilaguna den Alicia Figueroak, Blanca Arangurenek, eta Amaia Elizondok. Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko ordezkariak dira hirurak.

Kirola egin ahal izatea. Eskubide gisa. Horixe. Ez besterik. Edo hori guztia. “Duela hogei urte, ezinezkoa zen”, zehaztu du Amaia Elizondo Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko finantza eta komunikazio zuzendariak (Andoain, 1984). “Gipuzkoa guztian eskola kirol egokitua izatea lortu dugu hogei urteotan [20 urte artekoentzat], eta hori jada bada zerbait; lehen, heziketa bereziko gelaren batean zegoen haurrak edo desgaitasun larri samarren bat zeukanak ez zeukan eskola kirolerako sarbiderik”, gaineratu du Blanca Aranguren Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko presidenteak (Donostia, 1968). Eta Eskola adineko kirol inklusiboagorako gida ere sortu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean. Eskolekin lantzen ari dira jada.

Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioak hogei urte bete zituen iazko abenduan. “Gutxi dira, azkar igaro dira, baina asko egin dugu”, ziurtatu du Arangurenek. Amaigabea da urteotan egindakoen zerrenda. “Baina, horien artean, ikusgai egin dugu ageriko desgaitasunik ez dutenen errealitatea, adimen urritasuna dutenena, esaterako, eta oso garrantzitsua da hori”.

Kirol formakuntzan lanketa

Orion bizi den Alicia Figueroa Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko zuzendari teknikoak (Tacoronte, Espainia, 1971) zehaztu du “lehiaketara bideratutako kirol jarduna” besterik ez zegoela 2002an. “Eta kirol trebakuntza ere landu dugu, piramide guztia osatu. Aukeratu ahal izateko askatasuna irabazi dugu”. Herriz herriko kirol eskaintza indartu nahi dute orain. “Aholkulari eta bideratzaile soilak izan nahiko genuke hogei urte barru”, aitortu du Arangurenek.

Figueroak Jose Ignacio Olaizola Kote 1999tik 2003ra Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol diputatu izan zena eta Mikel Izagirre Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko presidente ohia (2002-2012) ekarri ditu gogora bi hamarkada atzera eginda. “Gaur egungo egitura sortzeko beharra sumatu zuen Kotek, eta pausoa eman zuen Mikelek [Izagirre], kluben babesarekin. Kirol diziplina guztientzako aterki bat sortu zuten”. Federazioak beste hiru presidente izan ditu ordutik: Iban Perez (2012-2016), Igor Otaegi (2016-2020) eta Aranguren bera (2020tik). Gaur-gaurkoz, federazioak sei langile dauzka bulegoan, eta 30 monitore dauzkate kontratuarekin, eskola kirol egokiturako. “Lege aldaketarekin, lantaldean sartu ditugu guztiak”, zehaztu du Arangurenek. “Profesionalizatuta daukagu dena”, gaineratu du Elizondok.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide