Julio Villarrek eta Ibon Gaztañazpi oriotarrak E, petrel! liburuaren irakurraldia egingo dute gaur 19:00etatik aurrera Garoa liburu dendan. Hain justu, liburuaren egilea eta itzultzailea dira biak; izan ere, 1974an idatzi zuen Villarrek eta iazko azaroan berriro argitaratu zuten Gaztañazpik euskaratuta.
Villarrek berak 1968ko apiriletik 1972ko uztailera egin zuen bidaia jaso zuen liburuan: eragin zizkion sentipenak, bizipenak eta bestelakoak. Bartzelonako portutik abiatu zen Villar, Mistral izeneko belaontzi txiki batean eta Ozeano Atlantikoa, Ozeano Barea eta Indikoa zeharkatu zituen, bidean geldialdiak eginez, besteak beste, Kariben, Galapagoetan, Zeelanda Berrian, Ginea Berrian, Australiako iparraldean, Timorko itsasoan, Indiako ozeanoan, Txagos uhartedian, Madagaskarren, Mozambiken, Hegoafrikan eta Brasilen. Guztira, 38.000 itsas milia baino gehiagoko bidea egin zuen, eta Lekeition (Bizkaia) bukatu zuen abentura.