Inoizko postu gehien izango ditu maiatzaren 7an izango den artisau-azokak

Andrea Zipitria 2023ko api. 27a, 09:19

Iaz, 13 postu jarri ziren guztira, eta aurten 23 izango dira; horietatik zazpi oriotarrenak. Herriko plazan eta inguruetan izango da azoka, goizez.

28. artisau-azokak inoiz baino parte-hartzailegoa izango da. Iaz 13 postu jarri ziren guztira, eta aurten 23 izango dira. Goizez izango da azoka, 10:00etatik 14:00etara, herriko plazan eta inguruetan.

Orioko Udaletik azaldu dutenez "pozik" daude deialdiak izandako arrakastarekin; Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroatik etorritako artisauek jarriko dituzte postuak, eta horien artean zazpi izango dira oriotarrek jarritakoak. Aurten lehenengo aldiz, adibidez, Orioko Emakume* Mahaiak postua jarriko du, Ahalduntze Eskolak antolatutako jardueren eta laster irekiko den Orioko Emakumeen Etxeari buruzko informazioa emateko. 

Bestela, bitxiak, ukenduak, jantzi eta osagarriak, zurezko produktuak, taloak, opilak eta gozoak… denetik izango da aurten Orioko artisau-azokan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide