Soiltasuna bera ere polita dela arrazoitzen duen kantua. Bnny, indie-rock talde estatubatuarra duela urte gutxi ezagutu nuen, baina ordudanik ez dira falta haien kantuak nire zerrendatan. 2021ean argitaratutako Everything lehen lan luzeko kantua da hautatu dudana. Gitarra, baxua, ahotsa eta lau estrofaz osatutako kantua, ez baitu gehiago behar helarazi nahi duena azaltzeko.
Kantuaren izen bera daraman diskoa, Leonard Cohen kantautore kanadarra hil ostean argitaratu zuten, artistaren bozetoetatik abiatu eta haren semea Adam Cohenek amaitu zuen lana. Benitok gomendatu zidan azken disko hau kontzertu batean hizketan genbiltzala, ordudanik Spotify-ko zerrenda ugaritan ditut banatuta kantuak. Hautatutakoak, ordea, badu zerbait berezia. Cohenen ahots grabea, erritmoa, amaiera aldeko emakumeen ahotsak, perkusioaren soiltasuna, tarteko instrumentu ezberdinen pintzeladak... Egun ilunetan ohean begiak itxita entzuteko ideala.
5. Lorde: Team
Badu zerbait kantu honek, guztiz harrapatzen nauena eta urteak igaro ahala aspertzen ez nauena. Lorde, musikagile eta abeslari zeelandaberritarra inspirazio iturri izan dut azken diskoa lantzerakoan, beste artista ugarirekin batera. Azken urteotan zertxobait ahaztuta izan badut ere, berriz konektatu dut bere musikarekin eta kantu honen kutsu lurtarrak, perkusio digitalek, ahots kapen perfekzioak eta transmititzen duen guztiak zerrenda honetan egotera ekarri dute.