Oroko TAO sistema hiru denboralditan banatuta dago eta Orioko Udalak jakin du, gaurtik aurrera, Aste Santuarekin batera, denboraldi ertaina jarriko dela martxan. Hau da, Aparkatzeko Udal Txartela ez dutenek, ordaindu egin beharko dute hondartzan eta Munton aparkatzeko asteburuetan eta jai egunetan, 10:00etatik 20:00etara.
Aurtengo ekainaren 1ean beteko da urtebete TAO sistema berria indarrean sartu zela, eta Udalak urteurrena baliatuko du herritarren, merkatarien eta ostalarien iritziak bildu eta hobekuntza-proposamenak jasotzeko.
Mugikortasuna, ardatz
Orioko Udalak jakinarazi du herriko mugikortasuna hobetzeko neurri garrantzitsuak hartu dituela "oinezkoen lehentasuna emanda": "Herriko Plaza oinezkoentzat prestatu, zirkulazio eta aparkalekuen ordenantza berriak onartu, motoentzako eta ibilgailu luzeentzako aparkalekuak egokitu, autokarabana-guneak eta bertakoentzako eremuak sortu, zebra-bideak altxatu, bidegorri-sarea osatu…" Hala, ohar bidez jakinarazi dute, bide horretan, uda aurretik pasarela jarriko dela oinezkoentzat Bizkarreneko etxearen parean, moilako paseoa lotzeko. "Bestalde, Udala hasita dago aztertzen zein irtenbide eman herriko zubiari, bizikletentzako pasaera ere izan dezan".