Atzo arratsaldean EH Bilduko Orioko alkategai Anuska Esnal Olidenek eta Gipuzkoako ahaldungai Maddalen Iriarte Okiñenak solasaldia eskaini zuten jendaurrean, Arraunetxen egin zuten ekitaldian. Bertan, Oriok eta Gipuzkoak dituzten erronkak plazaratu zituzten; besteak beste, hizpide izan zituzten sistemaren krisialdia, egoera zaurgarrian dauden kolektiboen hazkundea, etxebizitza, sexu generoaren desoreka, krisi ekologikoa, larrialdi klimatikoa eta zaintza. Erronka horiei aurre egiteko "gobernantza eredu egoki baten beharra" azpimarratu zuten bi hautagaiek, "EH Bilduren propioa den gauzak egiteko modua". Hain zuzen ere, EH Bilduk duen lan egiteko moduaren "adibide bikaina" Orio dela nabarmendu zuen ahaldungaiak. "Guztion iritziak kontutan hartuta eta ildo estrategikoak partekatuta gobernatzen dugu", zehaztu zuen. Hala, Anuska Esnal Orioko alkategaiak azken agintaldian zehar egindako lana balioan jarri zuen. "Lau urte hauetan udala ireki eta aldatu egin dugu, barrutik zein kanpotik. Ehundaka herritarrekin bildu gara, eragileekin bildu gara, mahaiak osatu ditugu eta adostasunetara iritsi gara. Abiatu ditugun proiektu guztiak herriari entzunda egin ditugu. Esaten duguna egiten dugu eta egiten duguna esan. Datozen lau urteetan ere, alkatetzan bagaude, hori izango da gure izarra"