Orioko Udalak eta Uemak kanpaina abiatu dute elkarlanean, oriotarrak errenta aitorpena euskaraz egitera animatzeko. Iaz, 957 oriotarrek egin zuen aitorpena euskaraz; egindako guztien %29,7.
Gaur zabaldu da errenta aitorpena egiteko aukera Gipuzkoan eta datorren ekainaren 30era bitarte egongo da zabalik.
Nola egin daiteke euskaraz?
Internet bidez:
- Interneteko Zergabidea plataforman egiten baduzu, zerorrek aldatu behar duzu: Datu pertsonalak > Administrazioarekin harremana izateko hizkuntza > Euskara.
Mekanizatua:
- Aitorpena errenta mekanizatuko bulegoan egiten baduzu, esan hango langileari aurrerantzean euskaraz nahi duzula eta berehala aldatuko dizu.
- Herritarren gehiengo handi batek autolikidazio-proposamena jasotzen du gaur egun. Autolikidazioa onartzerakoan (telefonoz deituta edo internet bidez), euskaraz nahi duzula esaten baduzu, hortik aurrera hala etorriko zaizkizu Ogasunarekiko komunikazioak, zuk besterik erabaki arte.
- Gestorian egiten baduzu, eskatu gestoreari aldatu egin nahi duzula.