Gregorio Eskudero Euskal Herriko espetxe batera lekualdatuko dute

Jabi Gonzalez Toston

Gregorio Eskudero Euskal Herriratzea eskatzeko otsailean Orion egin zuten manifestazioa. (Jabi Gonzalez Toston)

Orioko presoarekin batera beste lau preso ere Euskal Herriratuko dituzte, eta, hala, sakabanaketa politika amaitutzat eman du Sarek.

Espainiako Espetxe Erakundeak iragarri duenez, estatuko kartzeletan espetxeratuta jarraitzen duten azken bost euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara mugituko dituzte. Tartean, Gregorio Eskudero oriotarra. Era horretara, Sare Herritarra plataformak bukatutzat eman du "34 urte iraun duen urrunketa politikaren aroa".

Eskuderok 70 urte ditu eta Palentziako Dueñas espetxean dago espetxeratuta 2021az geroztik, etxetik 300 kilometrora. 2002an atxilotu zuten eta datorren urteko irailean beteko ditu zigorraren hiru laurdenak. Oriotarrarekin batera Euskal Herriratuko dituzten beste lau presoak Asier Borrero, Faustino Marcos, Garikoitz Etxeberria eta Irantzu Gallastegi dira.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide