Iritzia

Beteranoen martxoaren 11ko jaitsieraren harira

Josu Sarasua Maritxalar 2023ko mar. 15a, 08:30

Badok 13 beteranoen trainerua Oriaren Jaitsiera jokatzen. (Iñaki Suarez)

Josu Sarasua Maritxalar arraunlari beteranoak gutuna bidali du, larunbatean jokatu zen Oriaren Jaitsieraren harira.

1953an gure aitona Inazio zenari, Ortzaikako Konpaxtarrak eta konpainia joan zitzaizkion baserrira Orioko patrontza hartu zezan eskatzera; urte zailak eta zatiketa asko omen zegoen nonbait aldi hartan. Gure aitonaren lehen erantzuna: “Ezta pentsatu ere, gainera, jada zaharregia naiz patrontzan aritzeko…”. 42 urte zituen eta baita berriz hasi ere. Begira nola aldatu diren gauzak: 50 urterekin Kontxa irabazi duten arraunlariak aurki ditzakegu gaurko egunean eta 40tik gorako tiratzaile mordoa goi-goian tostartean.

Bada, bilakaera izugarria izan du beteranoen kirolak, asko aldatu dira itxura, osasuna eta norberaren denbora librea kudeatzeko moduak. Emakume kirolarien gorakadarekin batera, azken urteetan, kirol diziplina askotan senior mailetan baino fitxa gehiago dago beteranoetan. Begi-bistakoa da, gertatzen ari da, kirol eta toki askotan. Adibideak jartzen hasteak luzeegi joko luke, eztabaida antzua da.

Gurera etorriz, lehengo igandeko Oriaren jaitsieran 29 ontzi beterano omen ginen. Lehia ostean 30 metro koadroko aldagelan 200 beterano inguru, bata bestearen gainean, hango gilbor, gihar, zintzilikario eta kabitu ezina; aldarte ederrean, batzuk katalanez, galegoz, bizkaieraz, lapurteraz, eta lehia osteko betiko giro sanoan, mar-mar txiki bat: "Banderarik ez digute jarri beteranooi! Bravo!" Ez digu askorik axola, txikikeria guretzat, baina sare sozialetan ikusitako komentario batzuk niri ez zaizkit gustatu. Banderazale arraunlari beterano sakrifikaturik ez dugu nahi, baizik eta arraunaren transmisioa sustatuko duten arraunlari beterano sakrifikatuak. Hemen nire ikuspuntua.

Gogora dezagun nola sortu zen traineruen arteko lehia: itsasoan hasten zen, portura nor lehenago iritsiko, prezio onenean nork salduko. Adinean ondo sartutako arrantzaleak, ederki zimeldutakoak ere izango ziren tartean, emakumeak ere bai ziurrenik orduko lehia hartan. Bai, hortik gatoz, aulki finkoko arrauna gure ondare kulturala da, baina lehiarekin soilik uler daitekeena, erromantiko gutxi geratzen gara. Nola egin genezake transmisioa eta banderazaletasuna uztartzeko? Aurrera, arazoa askoz mardulagoa da.

50 arraun elkarte baino gehiago izango ditu Kantauri ertzak, hiru edo lau izan ezik, gainontzekoak xoxik gabeak dira. Betiko sustraietatik, harrobitik, borondatetik eta transmisiotik elikatzen direnak dira, denboraren joanean uretan 2 minutu atzetik etortzen ohitu direnak. Araudia piramidearen goiko aldean dirudunen neurrira eginikoa da ordea, merkantilista, modako beste kirolen parekoa. Arraunlari trafikoa, watioen salerosketa, nominak eta bulegoko lana; giltzarri aberatsek telebistaren aurrean banderak irabazteko egina da araudia, beste izapiderik ez du. Eta uretan zer?  selekzio profesionalizatuak amateurren aurka ur-gazi berean; beste batzuk erdibidean, nahi eta ezinean, ez da lehia leiala, baina aitor dezagun telebistan polita ikusten dela. Denok dakigu nortzuk duten beti 31 eskutik…, gazteagoek, ulertzeko zeroak eskubian.

Pentsa, Orio Arraunketa Elkarteak gizonezkoetan pasa den azken hamarkadan Donostiako bandera ekartzerik ez du izan. Donostiako badia beti entrenatzaile eta arraunlari oriotarrez josia egon den arren, nahi gabe “etxekalte” arituz (barkamenak, errua ez baita haiena).

Eskerrak itsasoak, tarteka, Orioko herriak itsasoarekin duen berezko lehian, mendetako hainbat istorio mingarri eta galera gordinak goxatzeko keinua egin zigula 2017an, olatuen bultzada begietako malkoez elikatu genuenekoa, Guria dek sinistu!. Holako emozioei heldu behar. Oreka zailean dihardute oriotarrek, harrobia-banderak binomio ezkontezinean maniobratzen, eta traineru horitik patroiaren orroak Castillanos entzun behar izatea… itsasoak barkatuko al digu. Beteranook ere horretan motz.

Kirolaren diskurtso merkantilista barneratuta daukagu, …badakizu horrela dago mundua, kirola, dirua, telebista, globalizazioa… kamisetaren koloreak bakarrik balio duela? Ez ba, herri harrotasunaren ikonoak dira, olinpiadak, mundialak, eta abarrak. Herrialdeen arteko lehiak, harrotasun gorena, gora gu ta gutarrak, herrialdeko bandera gora eta eskua bihotzera, ereserkia eta milioika emozio malko etxeetako saloietan. Estaturik gabeontzako pare gabeko galbidea: La Rojaren kamisetarekin umeak ikastolan, harrapazank! Beraz, nolatan deslokalizatu da arrauna?

Trapu batengatik ez  gaitezen haserretu, beteranoetan galiziarrek irabazi zuten eta gaitzerdi. Etxeko lanak daude arraunaren munduan. Dabid eta Goliatena ondo bukatu bazen, saiatu beharko gaitza ekarri duen zurtoin berari adar berriak txertatzen. Gurdira itzuli gabe, harrobiak, transmisioak, bertakotasunak balio askoz handiagoa behar dute araudiaren muinean, zenbakietan, betebeharretan eta abar.  Sustrairik gabeko zuhaitza haizeak botatzen baitu edonoiz, begira ezazue Kantabria aldera. Harrobian sustraitzen baita gure arraunaren geroa, erdibide errazak otutzen zaizkit araudian, halere mundu bat dago eztabaidatzeko.  Ez dezala beti dirudunak irabazi, arraunean ez behintzat, gure-gurea baita!

Transmisioa? Jendeak ikusten eta entzuten gaitu, errioan herioan gora eta behera ibiltzea jada transmisioa da, kalean beti euskaraz egite hutsa ere transmisioa den bezala. Bazter guztietan borondatea garesti dago. Elitean diru-truk arraun egiten da, guk aldiz arraun egin ahal izateko dirua jartzen dugu, larre motxetik gatoz eta erraz hartzen ditugu konpromisoak eta bilatzen adostasunak.

Beteranook, arraun ziklo osoaren parte garen neurrian, transmisioan (arraun transmisioaz haratago beste hainbat alorretan) laguntzeko giza-baliabide ezin hobeak izan gaitezke, baina gauza batek ez du bestea kentzen, arraunaren ADN-an dago lehia, guztiz bateragarriak dira bi ideiok. Eliteko arrauna norabidez aldatzen den heinean, balio eta zentzu gehiago izango ditu transmisio eta borondateak, elkarteen “korpus”-ak, naturaren legea baita zaharrak gazteari erakustea. Beteranoon elkarteak horretan ez du bizkarra emango, baina dena egiteko dago tamalez.

Bakoitzak bere tostatik abante beti, urteetako lana eta Aupa Orio-tik egiten duzuna ere eskertuz, elkar ulertzeko esperantzaz, gozatu arraun orru bihozkadaren oihuaz, negua joan da ta.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide