Larunbatean eta Igandean pista estaliko 18 urte azpikoen Espaniako txapelketa jokatu zen Salamancan (Espainia), eta Orioko Atletismo Taldeko Sunhai Huegun eta Martin Iriondo korrikalariek parte hartu zuten bertan, finalerako txartela lortuz; Huegunek bosgarren postua lortu zuen Espainiako Txapelketan, eta Iriondok bederatzigarrena.
Atletismo taldeko arduradunek azaldu dutenez, larunbatean "ezin hobeto" abiatu zuten txapelketa bi oriotarrek: Sunhai Huegunek, 800 metrotan, lasterketa "bikaina" eginda igandeko finalerako sailkatzea lortu zuen, eta, gainera, orain dela bi aste berak lortutako 18 urte azpikoen Gipuzkoako errekorra hobetu zuen, 1:56;86 denbora eginda. Ondoren, Martin Iriondoren txanda izan zen, eta, 1.500 metrotako lasterketan, "maisutasun osoz" bere txanda irabaztea lortu zuela nabarmendu dute Orioko Atletismo Taldeko kideek, "hasieratik bukaeraraino txanda kontrolatuz".
Igande eguerdian jokatu zituzten finalak. Iriondo izan zen finala jokatzen lehenengoa, eta bederatzigarren postua lortu zuen, 1.500 metroko lasterketan. Ondoren, Huegunek 800 metroko lasterketa jokatu zuen, eta bosgarren sailkatu zen.
Atletismo taldeak bi korrikalari gazteak zoriondu nahi izan ditu, "egindako lan zoragarriagatik".